Definizioak eta garatzeko gaiak

Ikasgai honetan, berebiziko garrantzia du komunikazio gaitasunak. Kurtsoaren amaieran landuko dugun historia era egoki (adierazpen eta hiztegi maila teknikoa), eraginkor, autonomo eta sortzailean ulertu, ezagutu eta azaltzeko gai izan beharko zinateke. Gaitasun hau era askotan treba daiteke, eta hemen ikasturtean zehar landuko ditugun bi tresnen azalpena aurkezten zaizu: definizio historikoak eta gai luzeen garapena.

Nola egin definizio historiko bat?

Ariketa mota hau, kontzeptu historiko baten esanahia eta ezaugarriak, edo pertsonai historiko baten identitatea eta ekintzak era zehatz eta mugatuan azaltzean datza. Horrela, definizio historikoak bi atal nagusitan banatzen dira:

Lehenengo atalean, kontzeptua ZER den, NON kokatzen dugun eta NOIZ azaldu behar da (berdin pertsonaia bada, NOR, NON, NOIZ). Atal hau definizioaren funtsa da eta definizioaren hasierako esaldian kokatu behar dugu. KONTUZ! Ez badugu adierazten, ez gara definizio bat egiten ari, baizik eta kontzeptu edo pertsonaiaren ezaugarrien zerrendaketa bat. Ondorioz, ariketa ez legoke ondo eta ez litzateke ebaluatuko.

Bigarren atalean, kontzeptuaren funtsezko ezaugarriak (zergatik, nola, zertarako, ondorioak, atalak… kontzeptuaren arabera), edo pertsonaiaren ekintza nagusiak azaldu behar dira.

Gogoratu!!
  • Definizioak ez dira gai luzeak, beraz, sintesi lan egokia egin behar duzu, kontzeptua definitzeko oinarrizkoak diren ideia nagusiak aukeratuz.
  • Definizioak ez dira eskemak, eta ondorioz, adierazpen egokia erabiliz, ideiak erredaktatu eta elkar lotu behar dituzu, dagokien antolatzaileak erabiliz.
Adibidea: KORTATU
Kortaturen Kolpez kolpe diskaren azala
Kortaturen Kolpez kolpe diskaren azala

1984. urtean (NOIZ) Gipuzkoan (NON) eratutako musika taldea (ZER) izan zen. RRVren mugimenduko talde erreferenteetako bat izanik, ska, punk eta rock estiloa landu zuten, zazpi diska inguru argitaratuz. Taldea Muguruza anaiek eta Trekuk osotu zuten eta 1988ra arte jo zuten. Hala ere, orduan garatu zuten arrakastak, gaur egun ere bizirik dirau.

Nola garatu gai bat?

Gai baten garapenak landu behar duzun kontzeptu, garai, pertsonai, gertakari edota prozesu historikoa aurkeztea (denboran, espazioan eta testuinguru zehatzean kokatuz), dagozkion zehaztasunak eta ezaugarriak koherentzia eta kohesioarekin azaltzea eta harekin harremanduriko ondorioak ateratzea da. Horrela, gaiaren garapenak hiru atal dituela esan daiteke:

  1. Sarrera (gaiaren aurkezpena: zer, non, noiz eta testuinguru historikoa)
  2. Garapena (ezaugarri, atal, faktore, zehaztasun, etapa…-en azalpena)
  3. Ondorioak (garatzen ari duzun gertakari, pertsonai, prozesu…-aren eragin historikoa)

Era berean, aurkeztu beharreko informazio kopuru handia dela eta, gaiaren azalpena era antolatu eta ordenatuan aurkeztuko duzula bermatzeko, lehenik eta behin aurkeztuko dituzun edukien eskema egin behar duzu.

Laburbilduz, gai bat garatzeko orduan, ondorengoak dira kontuan hartu behar dituzunak:

→ Garatuko dituzun edukien eskema egitea

→ Gaiaren garapenaren atal guztiak era egoki eta zehatzean aurkeztea (sarrera, garapena, ondorioak)

→ Hiztegi historiko teknikoaren erabilera egokia

→ Ideien arteko lotura eta antolamendu egokia (dagozkion antolatzaileak erabiliz…)

Demagun ondorengoa dela garatu behar duzun gaia: “Emakumearen papera Frantziar Iraultzan”. Lehenengo pausua edukien eskema egitea izango litzateke:

Edukien eskema

  1. SARRERA:
    1. Testuinguruaren kokapena (Frantziar Iraultzaren kontzeptu orokorrak, hala nola, zer, non, noiz)
    2. Emakumeak orokorrean iraultzan izandako papera aipatu
  2. GARAPENA:
    1. Frantziar Iraultzararte emakumearen egoera orokorra
    2. Emakume burges aberats eta nobleak
      1. Haien bizimodua iraultzararte
      2. Haien papera ideia ilustratuen hedapenean (salonniers)
    3. Hirugarren estatuko emakumeak
      1. Haien bizimoda iraultzararte
      2. Haien papera ideia ilustratuen hedapenean eta iraultzan (klub patriotikoak, kexa koadernoak, Emakumeen eskubideen aldarrikapena, iraultzan parte hartzen aktiboa)
  3. ONDORIOAK:
    1. Emakumeak orokorrean ideia ilustratuen hedapenean eta iraultzan izandako garrantzia laburbildu
    2. Emakumearen ondorengo egoera aipatu

Gaiaren garapena, beraz, horrelakoa izango litzateke (letra lodiz = hiztegi teknikoa; azpimarratuta = lotura antolatzaile eta ideiak):

Frantziar Iraultza 1789 – 1799 urte bitartean, frantziar burgesiak eta herriak Frantzian bertan aurrera eraman zuen, ordura arte ezarritako sistema politiko, ekonomiko eta sozialaren guztizko eraldaketa bortitza izan zen (Antzin Erregimenetik, Erregimen Liberalera). Emakumeek eraldaketa sakon honetan izan zuten eragina, hain zuzen ere, ezinbestekoa izan zen.

Iraultza hasi zuen Asanblada Nazionaletik baztertuak izan ziren arren, emakume frantzesek ekintza iraultzaile askotan hartu zuten parte, eta aurretik ere, ilustrazioaren eta liberalismoaren ideiak garatzeko eta hedatzeko eragin zuten. Baina, zergatik eta nola?

Frantziar Iraultzara arte, Antzin Erregimenaren ideien eraginez, emakumezkoen funtzio nagusitzat ezkontzea eta seme alabak eukitzea hartzen zen, eta hori egiten ez bazuten, monja lanetan sartu behar ziren, edota bakardaean hil egiten ziren, ohorerik gabe. Egoera hau jasangarriagoa edo ez bihur zitekeen pribilegioen eta aberastatsunaren arabera.

Emakume burges aberats eta pribilegiatuei dagokionez, ez zeuden behartuta eskulanak egitera, eta ondorioz, txikitatik bizitza erosoa izaten zuten. Era berean, erlijioan, idazmenean, irakurmenean, eta abar hezituak izaten ziren. Horrela, XVII eta XVIII. mendeetan, noblezia eta burgesia altuaren emakumeek euren luxuzko etxeetako (edota Pariseko hotel edo jauregi) saloietan, tertulia kulturalak antolatzen zituzten. Bertan zientzia, letrak, arteak, ideia berri eta politikari buruz eztabaidatzen zuten. Emakume hauek salonnieres ezizenaz ezagutzen ziren, eta Diderot edota Voltaire bezalako gonbidatuak izaten zituzten, modu honetan, ideia ilustratu eta liberalak garatzeko eta hedatzeko eragin handia izanik.

Bestalde, hirugarren estatuko emakumeak, eta bereziki, emakume txiroak, orohar zorigaiztoko bizitzak izatera behartuta zeuden. Eskolara joatekotan, kalitate baxuko heziketa jasotzen zuten, erlijioaren oinarrizko betebeharren ikasketara mugatuz, eta 15 – 16 urterekin lanean hasi behar ziren soldata kaxkarren truke, era berean ezkonduz, eta bizitza seme alabak erditzera dedikatuz. Beste kasu batzuetan, erlijo lanetan sartu egiten ziren, edota pribilegiatu eta aberatsak zerbitzatzen. Kasu larrienetan emagaldu lanak egiten bukatzen zuten.

Egoera hori dela eta, XVIII. mendean zehar, eta bereziki Frantziar Iraultza bitartean, gizonezkoek euren kafetegietan euren klub pribatuak sortu zituzten bezala, eta salonniers-en batzarrekin paraleloan, hirugarren estatuko emakumeek “klub patriotikoak” sortu zituzten. Emakume orori zabaldutako klub hauetan, orduko gizarteari kritika zorrotzak egiten zitzaizkion, emakumezkoen iraultzarako eta adierazpen askerako eskubideak aldarrikatuz. Beraz, nahiz eta emakumezkoen klubak debekatuak izan, iraultzaren aldeko lan handia egin zuten. Izan ere, emakume asko iraultzara bultzatuak izan ziren, Versailes erasotzeko martxaren protagonistak bihurtuz, adibidez.

Horrela ere, Estatu Orokorrak konbokatzerakoan iraultzaren ateetan, gainontzeko talde sozialekin batera, hirugarren estatuko emakumeek ere euren kexa koadernoak aurkeztu zituzten, ordura arte emakumeek bizi zituzten egoera horiek salatuz, eta ondorengo eskakizunak aldarrikatuz, besteak beste: dohainiko eta kalitatezko eskolak (irakurtzen eta idazten ikasteko, adibidez), emakumeen ogibidetzat hartzen zirenak gizonezkoei debekatua egotea (jostuna adibidez), eta abar. Azken finean, eurak ere ilustratuak, errespetatuak eta baloratuak izateko eskubidea aldarrikatzen zuten.

Era berean, eratu zen Asanblada Nazionalean Emakumeen Eskubideen aldarrikapena aurkeztu zen, gizonezkoarekin batera, Olympe de Gouges idazle eta filosofoak idatzirikoa. Eta onartua ez izan arren, emakumeen aldeko eskubideen borrokan dokumentu gogoangarria izan zen.

Ondorioz, eta aurretik esan bezala, argi dago emakumearen eragina Frantziar Iraultza motibatuko zuten ideien garapenean eta hedapenean, zein iraultzan bertan, ezinbestekoa izan zela, honen papera guztiz aktiboa izanik, erregimen aldaketan (Antzin Erregimenetik, Erregimen Berrira). Hala ere, esan beharra dago ere, iraultzaz geroztik, emakumearen egoera ez zela asko aldatu, eta honen guztizko askapenerako borroka gogorra gaur egun arte ere irauntzen duela.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s