II. Mundu Gerraren kausak

Pariseko Bakea eta Versaileseko Ituna (1919)

Pariseko Bakea I. Mundu Gerraren irabazleei soilik mesede egiten zion bakea izan zen. Gogoratu beharra dago, Versaileseko Itunak adibidez, Alemaniari inposaturiko baldintza gogorrak, Frantziaren intransigentzia zela eta, Alemaniaren potentzia ekonomiko, politiko eta militarra guztiz desegin zutenak:

  • Inperio izaera galdu zuen, haren kolonia guztiak galtzeaz gain, Europako hainbat lurralde ere kendu zitzaizkion (Alsazia eta Lorena Frantziak eskuratu zituen, Sarre-ko lurraldea ere azken honen menpe geratuz, adibidez, edota iparraldeko Silesia eta Prusia Poloniari eman zitzaizkon).
  • Indar militarra guztiz murriztu zitzaion eta Austriarekin berriz ere batzearen debeku zorrotza jaso zuen ere.
  • Neurrigabeko gerra – ordainek ekonomikoki Alemania suntsituta utzi zuten, estatua berreraikitzeko ezintasun larrian aurkituz, eta zlemaniar txanponak haren balioa galdu zuen, hiperinflazio bortitzean sartuz.

Horrela, Weimarreko Errepublikaren aurkako mugimenduak sortzen hasi ziren, euren artean nazismoa, Hitler buru, Versaileseko Itunaren umiliazioa eta Errepublikako gobernuaren traizioa behin eta berriz salatuko zuena.

Bestalde, Austria – Hungariako Inperioa desagertu egin zen, hiru lurralde ezegonkorretan banatuz (bereziki Txekoslovakia), eta hainbat lur eremu Errumaniaren eskuetan geratuz, edota sortu berri zen Yugoslaviaren barnean.

Azkenik, esan beharra dago ere, Italia, nahiz eta irabazleen artean egon, ez zela bake itun hauetatik pozik atera, Austria – Hungariako lur gutxi batzuk soilik eskuratu baitzituen, Frantziak eta Britainia Handiak eskuratutako lur eta kolonia guztiekin konparatuz.

1929ko Wall Street-eko krack-a

Krisiak gogor jo zuen Italia, Japonia edota Alemania bezalako lurraldeetan. Bereziki Alemaniak, AEBri kredituak eskatu behar izan zizkion I. Mundu Gerraren ostean, haren ekonomia estatubatuarraren ekonomiaren menpe guztiz geratuz. Hori dela eta, azkeneko honek eztanda egin zuenean, Alemaniak zuzen zuzenean pairatu zituen ondorio gogorrak, krisia hare gehiago larrituz, eta Weimarreko Errepublikako gobernuaren aurkako etsaitasunak handituz. Alderdi naziak egoera ezegonkor hau aprobetxatu ere egingo zuen, eta boterea eskuratutakoan (1933an) haren gobernuaren politikak ekonomiaren arloan islatuko ziren bereziki.

Totalitarismo espantsionisten indartzea

I. Mundu Gerraren osteko egoera kritikoak, beraz, erregimen totalitarioen agerpena eta hedapena eragin zuen, Italiako Mussoliniren faxismoa oinarria izanik kasu askotan. Bereziki Alemanian, Hitlerren politika espantsionista izan zen nabaria. Alemania inperio garrantzitsua bihurtu nahi zuen berriz ere, III. Reich-a, eta Versaileseko Itunaren puntu guztiak hautsiz, armada indartsua berregin eta lurraldea hedatzen hasi zen, Austria eta Txekoslovakia anexionatuz edota Sarre-ko lurraldea berreskuratuz, nazioarteak honen aurrean enfrentamendu militarra ekiditu nahian “baretze politika” mantendu zuelarik.

Bestalde, Mussolinik ere Italia hedatu nahi izan zuen, Afrikako Abisinia (Etiopia) adibidez inbadituz, Nazioen Elkartetik kanporaketa ekarriko ziona, eta 1936an Hitlerrekin aliatuko zen (Erroma – Berín Ardatza).

Eta Japoniak ere Asiako Inperio indartsuena bihurtu nahian Manchuria inbaditu zuen alde batetik, eta AEBrekin gatazkan sartu zen bestetik Ozeano Barearen kontrola eskuratzeko helburuarekin, aurrerago Pearl Harbor-en erasoarekin eta gerraren eztandarekin bukatuko zuena.

Demokrazien ahulezia

Era berean, 29ko krisi ekonomikoaren ondorioz, AEB neutral deklaratu eta isolatu egin zen, faxistek eta naziek haien aldarrikapen espantsionistak gogortzeko aprobetxatuz. Honen aurrean, Frantziak eta Britainia handiak, beste gerra mundial baten beldur, eta herritarren desmoralizazioa dela eta, “baretze politika” bat mantentzea erabaki zuten, Hitler eta Mussoliniri hasierako eskakizun batzuk onartuz (Alemaniari adibidez, Txekoslovakiako Sudeteak atxikitzeko baimena eman zioten, Txekoslovakiaren iritzia kontuan izan barik). Izan ere, Frantzia eta Britainia Handiko estatu liberalek sortu berri zen Sobietar Batasunean ikusten zuten mehatxua. Baina baretzetik urrun, politika espantsionistek aurrera jarraitu zuten Italiak Abisinia inbadituz, Erroma – Berlín Ardatzak Espainiako Gerra Zibilean aktiboki parte hartuz, Francori garaipena emanez, eta azkenik, Alemania Polonia inbadituz.

Itunen politika

Horrela, eta I. Mundu Gerra aurretik gertau zen bezala, 30. hamarkada erditik aurrera, potentzia ezberdinak itunaksinatzen hasi zituzten:

  • Erroma – Berlin Ardatza (1936): faxista (Italia) eta nazien (Alemania) artean, militarki kolaboratzeko. Honetara Japonia batuko zen 1940an Hiruko Itunaren bitartez.
  • Antikomitern Ituna (1936): Alemania eta Japonia artean komunismoaren aurka borrokatzeko eta SESB isolatzeko (beranduago itun honetara Italia, Espainia, Hungaria edota Bulgaria batuko ziren)
  • “Pacto de Acero” (1939): Italia eta Alemaniaren artean, gerra egoeran elkarri babesteko
  • Ez Erasotzeko Ituna (1939): Alemania eta SESB artean. Hitlerrek fronte sobietikoa ekiditu nahi zuen gerra egoeran eta Stalinek denbora behar zuen Alemaniaren kontrako gerra prestatu ahal izateko.

Esan bezala, AEB neutral deklaratu zen, eta Frantziak ez zuen Britainia Handiaren babesa jaso, beraz “baretze politika”ren bitartez, gerrarik eztanda ez egitea espero zuten. Ordea, Hitlerrek Polonia inbaditu zuenean 1939ko irailean, Frantziak eta Britainia Handiak Alemaniari gerra deklaratu egin behar izan zioten, Poloniarekin zeukaten babes konpromezua betetzearren.


animated_arrow_left_11Gerren arteko garaia

animated_arrow_11Gerraren bilakaera

Advertisements