II. Mundu Gerraren bake antolaketa eta ondorioak

Bake Itunak eta Nazio Batuen Erakundearen sorrera

II. Gerrate Mundiala bukatutakoan ez zen bakea sinatzeko batzarrik egin, I. Gerrate Mundialean Pariseko Bakean potentzia irabazleak bildu ziren bezala. Oraingoan, gerratean zehar, potentzia aliatuak hainbatetan bildu egin ziren erabaki militar eta politiko anitz hartzeko, zeintzuetan estrategia beliko berriak hartzeaz gain, gerra amaierako bakearen antolamendua ere erabakiko zuten. Ondorengoak izan ziren, gerra amaitzear zegoenean, zein ostean ospaturiko biltzar nagusiak:

  • YALTAKO KONFERENTZIA (1945ko otsailean, Krimean, SESB). Gerra bukatu baino lehenago, Stalin (SESB), Churchill (Britainia Handia) eta Roosvelt (AEB), Yaltan batu ziren ondorengoak adosteko:
    • Gerra bukatutakoan Alemania lau lurraldetan banatuko zen, eta lurralde bakoitza potentzia irabazle baten menpe geratuko zen (SESB, AEB, Britainia Handia eta Frantzia)
    • Alemaniak ordaindu beharreko gerra ordainak
    • SESB-ak gerran askaturiko lurraldeen gaineko eragina finkatuko zuen
  • SAN FRANTZISKOKO KONFERENTZIA (1945ko ekainean, AEBn). Huts egindako Nazioen Elkartea ordezkatzeko, 1945eko ekainean AEBn Nazio Batuen Erakundea sortzea erabaki zen ondorengo helburuekin:
    • Ordutik aurrerako nazioarteko harremanak bideratzea mundu mailako bakea bermatzeko (zailtasun larriak izango zituen, II. Gerrate Mundialetik aurrera guztiz agerian mundua bi bloke aurkaritan banatuta geratu zelako: kapitalista eta komunista)
    • Gizakiaren eskubideak defendatzea defendatzea munduko herri guztietan
    • Mundu osoko bizi maila hobetzea
  • POTSDAMEKO KONFERENTZIA (1945eko abuztuan, Alemanian). Europan gerra bukatutakoan, eta Japonen errendizioa hurbil zegoela, Alemanian Stalin (SESB), Truman (AEBko presidente berria) eta Attle (Britainia Handiko lehen ministro berria) bildu ziren hurrengokoak adostuz:
    • Yaltako Konferentzian Alemania lau lurraldetan banatzeari buruz harturiko erabakia baieztatu zen, eta Berlineko eta Vienako hirietan banaketa berdina egitea
    • Nazioarteko Epaitegi bat sortuko zen kriminal naziak epaitzeko
    • Japon errenditutakoan AEBren esku geratuko zen
    • Gerra osteko lurralde banaketa berria adosten hasi zen

Gerraren ondorioak

1. Demografikoak

  • II. Gerrate Mundiala historiako heriotza tasa altuenak utzi izan dituen gerra izan da, 54 milioi hildako inguru (eta zauritu eta desagertu hare gehiago). Hildako horien gahiengoa, zibilak izan ziren (Polonian hildakoen %98a), hirien bonbardeaketa jarraiak, gosea, gaixotasunak eta Japonen jaurtitako bonba nuklearren ondorioz. Bestalde, afektatuenak SESB (21 milioi hildako), Txina (13 milioi hildako) eta Polonia (5 milioi hildako) izan ziren.
  • 20 milioi herritar inguru haien bizitokietatik alde egitera behartuak izan ziren.
  • Jaiotza Tasak nabarmenki jaitsi ziren, Berezko Hazkundearekni batera.

2. Ekonomikoak

  • Europa ekonomikoki ere suntsituta geratu zen. Hiri garrantzitsu gehienak bonbardeatuak izan ziren, eta Europak haren indar industrialaren %50a galdu zuen. Japonek eta Txinak ere antzeko emaitzak bizi izan zituzten.
  • Ondorioz, potentzia ekonomiko tradizionalek (Britainia Handia, Frantzia eta Alemania) haien boterea galdu zuten, eta mundu mailako potentzia berria lehiarik gabe altxatu zen: Amerikako Estatu Batuak (gerraren eragin txikiak pairatu zituela gainontzekoekin konparatuz).

3. Geografikoak

  • Sobietar Batasunak bere mugak handitu zituen (errepublika baltikoak, Polonia, Alemaniako zati bat, Finlandia, Japoneko hainbat irla eta Errumaniako kostaldea eskuratu zituen).
  • Italiak bere kolonia guztiak galdu zituen.
  • Austria eta Txekoslobakiak haien independentzia berreskuratu zuten.
  • Alemania I. Mundu Gerra osteko mugetara itzuli zen eta lau lurraldetan banandu zen, lurralde bakoitza potentzia irabazleetako batek kontrolaturik (SESB, AEB, Britainia Handia eta Frantzia).
  • Japonek Txinari hainbat lur itzuli behar izan zizkion, eta AEBko kontrolaren menpe geratu zen, AEBk horrela ere Ozeano Bareko hainbat irla okupatuz. Korea ere galdu zuen, eta azkeneko hau bi lurraldetan banatuta geratu zen (iparraldea SESBaren eraginarenpean, eta hegoaldea AEBren eraginarenpean)

4. Politiko – ideologikoak

Gerra bukatutakoan bi potentzia politiko nagusi altxatu ziren: AEB, kapitalismoaren sistemaren eredu eta SESB, komunismoaren eredu. Potentzia hauen aurkako interesek 1991. urtera arte luzatuko zen GERRA HOTZA eragingo zuen, mundua bi bloke nagusitan banatuz.


animated_arrow_left_11II. Mundu Gerraren bilakaera

animated_arrow_11Gerra Hotza

Advertisements