BERRIKASKETARAKO GARRANTZITSUA: definizioak autozuzentzeko irizpideak, adibideekin

Aste Santuan zehar, apurka apurka berrikasketa egin behar duzuen batzuren definizioak jaso izan ditut, eta orohar akats berdinak egin dituzue. Ondoren akats hoiek deskribatzen dira, adibideekin, egin duzuen lana zuzendu ahal izateko.

  • Kontzeptua blogeko apunteetan identifikatu eta kontzeptuaren inguruan dagoen informazioa “tal cual” kopiatu duzue (batzuk definizio ia guztiekin egin duzue hori!). Gogoratu definizio batek egitura zehatz bat daukala, eta hori eginez, ez zarete definizioen teknika lantzen ari (soilik dokumentua betetzen, zeozer entregatzearren), beraz hori egin duzuenok ez esan gero azterketa “pilo bat” prestatu duzuela…

TXARTO dagoen adibidea: ALEMANIAKO BATASUNA

Vienako Biltzarraren ondorioz, Alemaniako lurraldea Austriak kontrolaturiko 38 estatutako konfederazioan banatuta zegoen (“Germaniar Konfederazioa”), horien artean Prusia eta Austria nabarmenduz. Nazionalismoen eta erromantizismoaren hedapenarekin bat, germaniar herriek ere nazio bateratua sortzeko nahia garatu zuten, eta horrela, bai Prusia zein Austriaren nahi bateratzaileak gailentzen hasi ziren. Ordea, Prusiako armada izan zen (Otto Bon Bismarck buru) bateratzea eragingo zuena, eta 1866an Germaniar Konfederazioa disolbatzen zen, Ipar Alemaniako Konfederazioa sortuz eta Austria kanpoan geratuz. Gutxira, 1870ean, Prusia (Guillermo I.a buru) eta Frantzia (Napoleon III.a buru) gerran sartu ziren, bigarrenaren porrota larriarekin bukatu zuena. Prusiak Alsazia eta Lorenako lurraldeak eskuratu zituen (Frantziako iparraldeko mugetan), eta Alemaniko Inperioa aldarrikatu zen 1871an, II. Reich izenarekin, potentzia handia bilakatuz.

ONDO dagoen adibidea: ALEMANIAKO BATASUNA

1871an bukatu zen eta II. Reich izenarekin ezagutu zen Alemaniako Inperioaren batasun prozesu historikoari deritzo. Vienako Biltzarraren ondorioz, Alemaniako lurraldea Austriak kontrolaturiko 38 estatutako konfederazioan banatuta zegoen (“Germaniar Konfederazioa”), horien artean Prusia eta Austria nabarmenduz. Nazionalismoen eta erromantizismoaren hedapenarekin bat, germaniar herriek ere nazio bateratua sortzeko nahia garatu zuten, Prusiako armada izan zen (Otto Bon Bismarck buru) bateratzea eragingo zuena. Bateratze prozesu horretan 1870ean, Prusia eta Frantzia gerran sartu ziren, bigarrenaren porrota larriarekin bukatu zuena. Prusiak Alsazia eta Lorenako lurraldeak eskuratu zituen (Frantziako iparraldeko mugetan), eta Alemaniko Inperioa aldarrikatu zen 1871an, II. Reich izenarekin, potentzia handia bilakatuz.

  • Orohar definizioen egitura ez duzue jarraitu. Gogoratu ezinbestekoa, halabeharrezkoa, DERRIGORREZKOA dela, lehenengo esaldian ZER, NON, NOIZ zehaztea. Eta ondoren funtsezko ezaugarriak (zergatik, nola, eragina, ezaugarriak, ondorioak… ahal den neurrian). Konprobatu hori egin baduzuen!!

TXARTO dagoen adibidea: POLONIAKO INBASIOA (ikusi nola definizio honen lehenengo esaldian ez den ZER den zehazten)

1939ko irailaren 1ean Alemaniak Polonia inbaditu zuen. Horren ondorioz (…)

ONDO dagoen adibidea: POLONIAKO INBASIOA

1939ko irailaren 1ean, II Gerrate Mundialak eztanda egitea eragin zuen casus belli-a izan zen. Alemania naziak eragin zuen (…)

TXARTO dagoen adibidea: ALEMANIAKO BATASUNA

Alemanian 1871. urtean 38 estatuak batu zirenean zen. Prusiako armada (…) 

-ean atzizkiak “noiz” zehazten du, ez “zer” beraz ez du balio, eta hare gutxiago zehaztasun falta horrekin: ze “38 estatu”? Germaniar Konfederazioaren 38 estatuak!

ONDO dagoen adibidea: lehenengo adibidean daukazue.

  • Definizioak ez dira garatzeko galderak, beraz ez dira oso luzeak izan behar, baina ez dira ere definizio semantiko hutsak, baizik eta definizio HISTORIKOAK. Ondorioz, bi – hiru lerrotan ezinezkoa da kontzeptu historiko bat zehaztasunez definitzea. Bermatu ez duzuela hori egin. Labur geratu bazaizue, konprobatu ezaugarri funtsezkoak jarri dituzuela. SINTESI egokiak lantzen joan behar duzue (hau da, zehaztasunez laburbiltzeko gaitasuna). Ikusi adibide hauetan nola garatu dezakezuen era egokian definizio bat.

TXARTO dagoen adibidea: POLONIAKO INBASIOA

1939ko irailaren 1ean Alemaniak Polonia inbaditu zuen. Horren ondorioz Frantziak eta Britainia Handiak Alemaniari gerra deklaratu zioten baina ez zuten aktiboki defendatu, eta polakoek errepresio itzela jaso zuten, bereziki judutarrak, sarraskitze esparruen biktima izan zirenak.

ONDO dagoen adibidea: POLONIAKO INBASIOA

1939ko irailaren 1ean, II Gerrate Mundialak eztanda egitea eragin zuen casus belli-a izan zen. Alemania naziak eragin zuen, haren politika espantsionistaren bitartez, nazioartearen baretze politika ezeraginkorraren aurrean. Austria anexionatu eta Txekoslovakia inbaditu ostean egin zuen, SESBarekin sinaturiko Ez Erasotzeko itunaren bermearekin, zeinetan, izkutuan, Stalinek eta Hitlerrek Polonia elkarbanatzea adosten zuten. Horrela, Poloniako inbasio honek behingoz, nazioartearen lehenengo mugimenduak eragin zituen, Britainia Handiak eta Frantziak Alemaniari gerra deklaratuz. Ordea, Poloniak ez zuen laguntza militarrik jaso, eta hilabete bateko epean nazi eta sobietikoen artean banaturik geratu zen, herrialde hau izanik II. Gerrate Mundialean zehar nazien errepresio bortitzenetarikoa jasoko zuena, eta kualitatiboki (proportzionalki) biktima gehien izango zituena (Varsoviako Ghettoa eta Auswitzcheko sarraskitze esparrua orduko handi eta ezagunenetarikoak izan ziren)

  • Definizio batzuk orohar daude txarto (egitura, ortografia, edukiak, sintesia…). Mesedez, gainbegira itzazue ondo, eta zuzendu itzazue. Ezin da edozer gauza errepasatu barik entregatu. Apunteak ondo irakurri, bildu datuak, ordenatu, antolatu, eta orduan egin definizioa… Definizio batek gaitasun handia eskatzen du, eta trebatu eta lan egin barik ez dago gaitasunik garatzerik…

TXARTO dagoen adibidea: SOBIET

1917. urtean Errusian egon ziren langile, nekazari eta soldatu batzuk sortu zuten talde bat zen Kerwnsky bota zutenak eta estatua kontrolatu zuten. Berezko armada bat sortu zuten goardia gorria izenarekin boltzebikeekin batera eta txaristen aurka borrokatzen zuten.

ONDO dagoen adibidea: SOBIET

Errusian, 1905eko iraultzatik aurrera langile, soldadu eta nekazariek herrialde osoan zehar antolatu zituzten herri – kontseiluak izan ziren, tokian tokiko agintea eskuratzen joango zirenak eta 1917ko iraultza boltxebikearen oinarri izango zirenak. Biltzar hauek berezko milizia sortu (Goardia Gorria) eta boltxebikeen aldarrikapenekin bat egin zuten (Errusia I. Mundu Gerratik ateratzea, langile – batzordeek fabrikak kontrolatzea, lurrak nekazariena izatea…). Horrela, Lenin buru, 1917ko urrian sobietek Kerensky-ren behin behiniko gobernuaren aurkako matxinada antolatu zuten, eta boltxebikeek urriaren 25etik aurrera gobernua eskuratu zutenean, Leninek berak boterea sobietei eman, eta sortuko zen SESBa gidatuko zuen SOBIET GORENA izendatu zen (nahiz eta benetako boterea SBAK-k izan).

ARGIBIDE, ADIBIDE eta GOMENDIO GUZTI HAUEKIN, ORAIN, MESEDEZ ZUZENDU ITZAZUE ERA KRITIKOAN eta LANDUAN ZUEN DEFINIZIOAK.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s