Emakumeak langile mugimenduan: Rosa Luxemburg (1871-1919)

“Rosa Luxemburg (1871-1919) emakumeak garai hartan Inperio errusiarraren mende zegoen Polonia haren jaioterria utzi behar izan zuen, 18 urte besterik ez zuela, ekintzaile sozialista izateagatik atxilo eta Siberiara erbestera ez zezaten. Zurichera heltzean, unibertsitatean matrikulatu zen Politika Zientzietan eta hantxe ezagutu zuen Leo Jogiches, bera ere iheslari politikoa. Gizon horrekin konpartituko zuen aurrerantzean bere maitasun bizitza, borroka iraultzailea eta tortura eta heriotza poliziaren eskutik.

Tsarraren tropek balaz sakabanatu zuten langileen manifestazio bat 1905ean, eta bi mila hildako baino gehiago lurrean utzi zuten. Jarraian, milioitik gora langile irten zen kalera protestan, sozialdemokratek deitutako grebari erantzunez. Rosa Luxemburg –Lenin, Plejanov, Marftov edo Trotskirekin batera– oso ongi jabetu zen gertakari haren garrantziaz: Errusian iraultza aldi baten hasiera izan zen hura, 12 urte geroago burutuko zena boltxebikeek boterea hartzean. Horregatik, langile-mugimendua antolatu beharra zegoen, ideologiaren aldetik trinkotu beharra, kontzientzia-maila handiagoz hornitu beharra. Lan horrexeri ekin zion gorputz eta arima Rosa Luxemburg andreak Alemaniatik, eta bertako alderdi sozialistaren ezker hegalean jardun zuen.

Rosa Luxemburg mitin batean (Stuttgart, 1907)
Rosa Luxemburg mitin batean (Stuttgart, 1907)

“Die Rote Rosa” (Rosa Gorria), garai hartako iraultzaile eta pentsalari gailenetarikoa zen (Leninen esanetan, “arrano” bat), eta hiruzpalau hizkuntza mintzo zituen hizlari bikaina zen. Biolentzia iraultzailea beharrezkotzat jotzen zuen mundu berri bat sorrarazteko, baina era berean iritzien aurkaritza librea defendatzen zuen, “askatasuna, betiere, beste era batera pentsatzen duenarena baita”. Ekonomia politiko edo teoria iraultzaileko hainbat artikulu eta liburu idatzi zituen, eta gero, kartzelatik, gutun truke hunkigarria eta aberasgarria. Idazki horietan, bere maitasun- eta adiskidetasun-sentimenduak adierazteaz gain, baikortasuna, naturarekiko maitasuna, injustiziaren arbuioa, militarismoaren, kolonialismoaren eta inperialismoaren aurkako borroka, bere jomuga internazionalista eta sozialismo iraultzaile errotik demokratikoa ere azaltzen zituen.

Lehen Mundu Gerrak 1914an eztanda egin eta sozialdemokrazia alemaniar gehienak, nazionalismo chauvinistak liluratuta, gerrako kredituen alde bozkatu zuenean, Rosa Luxemburgek hura tragediatzat jo zuen eta halaxe bizi zuen, bizi ere. Berak argi eta garbi ikusten zuen sozialismo internazionalistak izan behar zuen jarrera: gerrari gerra deklaratzea, ehunka mila gazte, gehienak langileak, heriotza ziurrera bidaltzen zituen militarismoari aurre egitea, teknologia berri hilgarriak eskala handian erabiltzea arrisku izugarria zela kontuan hartuz: basakeria.

Gerraren kontrako jarrera argi hori zela eta, kartzelan igaro behar izan zuen gerra-denbora gehiena. Hala eta guztiz ere, agintariei aurre egiten jarraitu zuen. Gero, 1918an, Karl Liebkneck eta Klara Zetkin bere lagun minarekin batera, Spartakus talde iraultzailea sortu zuen, 1919an alderdi komunista alemaniarra izatera igaroko zena.

Iraultza boltxebikearen urtean, 1918an, iraultza alemaniarra ere etorri zen. Greba orokorra egin zuten soldaduen laguntzarekin, eta horiek matxinoen kontra tiro egiteari uko egin zioten. Kaiserrak abdikatu, Errepublika aldarrikatu eta herrialde osoan zehar langile eta soldaduen batzordeak eratu ziren, sobieten antzera. Nekazaritza-lur handien desjabetzea eta banku nahiz fabriken nazionalizazioa eskatu zuten. Eskuineko sozialistek, orduan, espartakistekin bukatzeko taktika zitala asmatu zuten: haien ekintza iraultzailea arinegi egitera bultzatu eta gero gogor erreprimitzea. Horrela, Berlingo gobernaria, iraultzaileen lagun zena, agintetik kendu egin zuten. Iraultzaileek probokaziotzat jo zuten ekintza hura.

Hiruzpalau egunetan zehar, kale-borrokak sortu ziren tropen eta espartakisten artean. Sozialisten eskutik etorri zen errepresioa benetan ankerra izan zen orduan. Rosa Luxemburg, Liebneckt eta beste burkide bat atxilotu eta Goardiaren kuartel nagusira eramanda, basatiki torturatu, asasinatu eta kulata kolpez emango zieten azkena. Leo Jogichedsek, Rosaren laguna zenak, egunkari espartakistatik erailketa salatu egin zuen eta horrela bere heriotza-sententzia sinatu: bera ere atxilotu eta polizia-egoitza nagusian erailko zuten.

Iraultza alemaniarra bururik gabe utzi eta desagerrarazi egin zuten, beraz. Urteak geroago, Georg Lukacs pentsalari hungariarrak idatzi zuen Rosa Luxembergentzako epitafiorik onena: haren heriotza “pentsaera eta biziera jakin baten burutzapen kontsekuentetzat” hartu behar dela.

Biografia

Lorea Agirre, Rosa Luxemburg, Elkar, Donostia, 2000.”

(Testuaren iturria: http://www.gaiak.net/)

Hemen Margarethe von Trotta-ren “Rosa Luxemburg” (1986) filma:

Rosaren azkeneko hitz ezagunak dira hauek, orduko alemaniar gobernari eta burgesei zuzenduak, 1919ko urtarrilaren 14an, gobernuko goardiak erail eta errekara bota baino egun bat lehenago:

«”Ordena nagusi da Berlinen!”, lekaio inozoak! Zuen ordena arearen gainean eraikita dago. Iraultza bihar “zalapartatsu altxatuko da gorantz” eta tronpeta doinuen artean, zuen izurako, zera aldarrikatuko du: Izan nintzen, naiz eta izango naiz!»

Hitz hauek “Ordena nagusi da Berlinen” testuaren azkenekoak dira. Irakurri testua

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s